Artikulu honetan Kardo Bokanik, Estrasbourg-eko grebalariak, azaltzen du zerk eraman dituen azken ondorioetarainoko gose greba egitera.. “Borroka azken unerarte eramateko prest gaude”.
“Gose greba bat injustizia, zapalkuntza eta tiraniaren aurkako gizarte-ekintza da. Ekinbide xinplea da ez baitu mobilizatzeko baliabide askorik eskatzen. Edonork egin dezake baliabiderik izan gabe ere. Baina aldi berean oso ekintza serioa da, borondate nahiz adore handia eta bizitza bera arriskuan jartzea justifikatu dezakeen arrazoi zintzo bat eskatzen baitu.
Talde gisa, 15 ekintzaile kurduk, tartean akademiko, kazetari eta diputatu banak, gose greba mugagabe bati ekin genion 2018ko abenduaren 17an Estrasbourgen. Ekimenaren helburua Abdullah Ocalan lider kurduari ezarritako isolamendu ankerra amaitzea izan zen.
Ocalan 1999z geroztik daukate isolamendu egoeran Imrali-ko uharte-kartzelan. Ocalan ez da preso politiko soil bat. Lehenengo eta behin miloika kurduk lider gisa goresten duten figura da, bizitza osoa turkiar, iraniar, irakiar eta siriar kolonialismo moderno eta ankerrarengandik askatzera dedikatu duena. Bigarrenik, hainbat auziri buruzko (estatua, gizarte zibila,…) filosofiari ekarpena egin dion teoriko politikoa da. Bere filosofia politikoak zehaztu du gaur egun Rojavan ikus dezakegun proiektu politikoa: Mundu guztiko indar progresistek miretsia izan den gizarte demokratiko, kultur-anitza eta feminista. Hirugarrenik,Turkian bakea eta gatazka kurduaren irtenbide demokratikoa bilatu duen politikari aktiboena izan da. Bere lidergoari jarraiki, PKK-k 8 aldiz aldarrikatu du aldebakarreko su-etena 1993z geroztik. Birritan eskatu izan die gainera PKK-ko gerrilariei Turkiako lurraldetik atera zitezen, bakeari bide egiteko. Ocalanen gisako ahots bat isilaraztea, Turkian bakearen alde dagoen ahots nagusia isilaraztea da.
Objetiboki esan daiteke Turkiako Gobernuak azken hamarkadatan izan duen jarrera agresibo eta militaristak ez duela ezertarako balio izan. Turkiak auzi kurdua benetan konpondu nahi izan balu, 80ko hamarkadan edota lehenago egin beharko zukeen eta ez orain.
Ocalanen filosofiak inspiraturiko eta berak gidaturiko mugimenduan, PKK-n, antolatuta, kurduak turkiar estatuak suntsitu ezingo duen botere eta eragina batzen ari dira. Mugimendu kurdua bere borondate eta filosofia progresistaren bidez testuinguru guztietako pertsonengana heldu da eta mundu guztiko aliatuak lortu ditu. Gose grebak Kurdistanen eta mundu guztian zehar izateak komunitate kurduek lortu duten antolaketa maila ezohikoa frogatzen du.
Lehenengo gose greba Leyla Güvenek hasi zuen azaroaren 7an Turkiak presondegi batean. Berehala zabaldu zen Kurdistaneko lau aldeetara nahiz Europara.
Gose greba guztien aldarrikapena, Estrasbourgeko geure hau bezalaxe, berbera da. Soila eta aldi berean praktikoa. Izan ere, lotsagarria da mundu moderno honetan hain muturrekoa den ekintza bat egin behar izatea horren eskaera xinplea betea izan dadin. Horrez gain, Mendebaldea murgilduta dagoen demokraziaren krisiaren eta giza-baloreen galeraren neurria ematen du.
Norbaitek galde lezake arrazoi osoz zergatik jarri behar ote ditugun geure bizitzak arriskuan hain eskaera xinplea bete dadin. Erantzuna xinplea bezain begibistakoa da: Auzi kurduarekiko eta zehazki Ocalanenarekiko axolagabekeriak ez digu beste aukerarik utzi.
Europaren utzikeriaren eragin zuzena da. CPT eta Europako Kontseilua bezalako bere erakundeek beraien betebeharrak betetzeko izan duten porrot etengabeak beraien herritarrak bultzatu ditu bizitza bera arriskuan jartzera.

Europar erakundeek bete izan dute azken urteetan zeregin eraikitzailea hainbat gatazka etniko konpontze aldera. Europar Batasunak gogor lan egin zuen Ipar Irlandako gatazka konpondu zedin. OSCE erakundea ere aktiboki lotu zitzaion Nagorno-Karabakh-en nahiz Balkanetan. Auzi kurduari dagokionez ordea, nortasun eta ondare kultural kurduaren ukazio eta suntsipenarekin tematuta dagoen turkiar estatuarekin lerrokatu ohi da. Horren adibide garbiena Europar Batasunak Kurdistaneko askapen mugimenduaren kriminalizatzea da. Belgikako Auzitegi Gorenak eta Justiziako Europar Gorteak planteatutako eragozpenei entzungor eginez, Europar Batasunak erakunde terroristen zerrendan mantentzen du PKK. Horrek turkiar estatuaren politika militarista hauspotu baino ez du egin.

Oraingo honetan gure eskaera ez da Europar Batasunak legea errespetatu eta ondorioz bere hainbat auzitegiren ebazpenak bete ditzala, PKK erakunde terroristen zerrendatik ezabatuz. Hau gehiegizkoa joko litzateke europar ikuspegi batetik begiratuta. Geure eskaera xinplea bezain praktikoa da. Ocalanen isolamendu errejimena bertan behera uztea eta bere familiaren nahiz abokatuen bisita erregularra izateko duen eskubidea errespetatua izatea.
Hau bete ezean ez dugu gose greba utziko. Borrokari azken minutu arte eusteko prestutasun osoa dugu. Heriotzak ez gaitu izutuko. Bizi garen munduarekiko erantzunkizuna dugula sentitzen dugu. Gizaki gisa badugu mundu hau nolakoa behar duen izan erabakitzeko boterea. Mundu mailan Demokraziak duen maldan beherako joera ez onartzea aukeratu dugu. Eutsi soilik ez baizik eta gizagabekeria honekiko isiltasun mingarriaren eta axolagabekeriaren aurka aurrera egitea erabakitzen dugu.

Ez dago esan beharrik edozein heriotza bereziki CPT-ren eta Europako Kontseiluaren eta orokorrean gainerako europar erakundeen konzientziaren bizkar gainera eroriko dela. Mendebaldeko demokrazien gaineko orban handi gisa geldituko da eta ondorioak izango ditu komunitate turkiar eta kurdu ugari dituzten Europako herrialdeetan. Hau eragozteko, europar erakundeek bere lurraldean bizitzak salbatzeko duten erantzunkizuna bete dezaten eta bere herritarren ahotsak entzun ditzaten , giza eskubideak babestu ditzaten eta azkenik Ocalanen isolamendu errjimenarekin bukatzen lagundu dezaten espero dugu.”


Traducido y reeditado por Newrozeke
