Elkarrizketa gose grebalariekin

1.- Nor zara eta zergatik egin duzu bat mugagabeko gose greba honekin?
Kardo Bokani dut izena eta ekialdeko Kurdistangoa naiz. Kurdistango Kongresu Nazionalaren (KNK) kidea naiz. Abenduaren 17an abiatu genuen mugagabeko gose greba hau, Abdullah Ocalan, 1999tik Imrali irlako gartzelan gatibu dagoen buruzagi kurduaren isolamenduaren amaiera eskatzeko.
Jakingo duzuenez, 2016tik hona ez dugu bere berririk izan. Ordutik hona, senideei ukatu egin zaie bisitatzeko baimena, eta 2011tik bere abokatuek ez dute berarekin egoterik. Oso arduratuta gaude guzti honengatik, eta egoera honekin amaitzeko zeozer egiteko beharrean izan gara.

2.- Zergatik erabaki duzue greba hau hemen egitea, Estrasburgon?
Greba hau, CPTaren (Committee for Prevention of Torture-Torturaren Prebentziorako Komitea) eta Europako Kontseiluaren aurrean abiatu dugu. CPTa bere izena adierazten duen moduan, tortura salaketak dauden kasuak ikertzeko sortu zen instituzio ez-politikoa da. Tortura zantzuak aurkituz gero bere eginbeharra bete beharko lukete eta gerta ez dadin neurriak hartu beharko lituzkete. Alabaina, azken 20 urteotan, Ocalan torturatua izan da etengabe eta CPTk ez du bere eginbeharra bete. Azken hiru urteetan Ocalan isolamenduan mantendu dute eta CPT isilik egon da. Isiltasun hori bultzada izan da Turkiarentzat Ocalan torturatzen jarraitzeko. Ocalanekiko eta herri kurduarekiko duen jarrera aldatzeko eskatzen diogu CPTri. Gure eskaera ez da ez gehiegizkoa ezta ezinezkoa ere, sinplea, gizatiarra eta praktikoa da. CPTri eskatzen diogu delegazio bat Imrali irlara bidal dezan eta Ocalanekin bildu dadin. Bere osasuna eta segurtasuna funtsezkoa da guretzat.

3.- Turkiako estatuak Rojava erasotzeko egin duen mehatxuaren eta Ocalanen isolamenduaren artean loturarik ikusten al duzu?
Jakina, gogoan izan behar dugu Rojavako Iraultzak Ocalanen filosofian duela oinarria. Ondoko herriekin alderatuta, talde etniko bakarraren identitatearen arabera eraikiak izan diren estatu totalitario zentralizatuen aurrean, Rojavako Iraultzak sistema berria eraiki du, demokrazia, genero berdintasuna, erlijioen arteko begirunea, elkarlan inter-etnikoa eta ekologian oinarritzen den sistema alegia. Sistema hau berezia da eskualde honetan. Guzti honengatik ez da ondoko estatu autoritario hauen gustokoa.

Turkiako estatuak, bereziki, Rojavako Iraultza gorrotatzen du, eta berau akabatzeko eskualdean indar gehien jarri duena izan da. Ez duzu zientzilari politikoa izan behar Turkiak ISIS lagundu duela onartzeko. Zergatik jokatu du horrela Turkiak? Kurduek bere proiektu demokratikoa Rojavan garatzea ekidin nahi zuelako. Muturreko islamistak erabili ditu Kurduen aurka borrokatzeko.
Baina Erdogan, Turkiako presidentea, konturatu zenean indar kurduek ISIS garaitu zutela oztopoak jartzen hasi zen. Gogoan dugu urte hasieran Turkiak Afrin Kantoia inbaditu zuela, hiria errez, lapurreta eginez eta biztanleak kanporatuz. Handik gutxira, berriro ikusi dugu Turkiak Rojava osoa inbaditu nahi duela, batetik proiektu demokratikoa garatu ez dadin, eta bestetik, herri kurduari bere garapen politikoa ukatzeko.

4.- Zein mezu helarazi esan nahi zenioke herri kurduari, batez ere gazteei?

Ocalan ez da pertsona soil bat. Lehenik eta behin, eta garrantzitsuena, milioika kurduek aitortutako figura politikoa da. Bigarrenik, teoriko- politiko bat da, eta ezin dira ukatu literaturan egin dituen ekarpenak gai filosofiko desberdinen inguruan. Hirugarrenik, bakearen aldeko ahots nabarmenena da Turkia osoan. 1993. urteaz geroztik, Turkiako Kurdistango arazoen konponbide politikoa eta bakearen bila dabil. Ordutik, PKKk bere buruzagitzapean zortzi aldebakarreko su-eten adierazi ditu eta birritan atera ditu bere indar armatuak Turkiatik Irakeko iparraldera. 2009an Turkiako gobernuarekin hasi zen bake prozesuan aritu zen Ocalan, 2015ean Erdoganek amaitutzat eman zuen arte, ondoren kurduen aurkako erabateko gerrari ekin zion. Aldi berean, Ocalanekin kontaktu guztiak moztu eta erabateko inkomunikazio egoera ezarri zioten. Ocalan isiltzen saiatu dira, bakea eta Kurdistanentzat akordio politikoa aldarrikatzen duelako.

Orain, Turkiar estatuak bakerik nahi ez eta gerra-danborrak jotzeari ekin diela, kurduek, batez ere gazteak, eta munduko indar demokratiko eta aurrerakoi guztiek Ocalan babestu beharko lukete, bere isolamendu egoera bertan behera utzi, eta Turkiako estatuak ezarritako politika oldarkorrak amaitu.

Gazteria aldaketarako indar nagusiena da. Status quoa aldatzeko, oso garrantzitsua da gazteek beren ahotsa goratzea Kurdistanen indar okupatzaileek aurrera daramatzaten politika basatien aurka protesta egiteko. Ocalanek bere bizi osoa eskaini du gazte kurduentzako bizitza duina lortzeko, eta orain, ordua da gazte kurduak zutitu daitezen Ocalanen eta beronek defenditzen duen kausaren aurka Turkiak burutzen dituen erasoen aurrean.

Itzulpena: Kurdistanekin Elkartasun Ekimena

Deja un comentario