estás leyendo...
Eventos

“Turkian Rock’n’Rollin”

Bi argazki dira. Biak ala biak oso adierazgarriak. Lehenengoan Turkiako armadako soldatu bat ageri da Xerabê Babako kurdu baten hilotzaren ondoan ‘Otso Grisen1’ keinu faxista egiten. Bigarrena, ordea, Binali Yıldırımi, Turkiako Lehen Ministroari ateratakoa da. Turkiar parlamentuan agertzen da Yıldırım, irribarretsu, keinu berdina egiten. Terrorismoa goratzea baino Turkiako Estatuak gozatzen duen zigorgabetasunaren adierazle dira biak.

https://i2.wp.com/halabedi.eus/wp-content/uploads/2017/02/C5Oi-X2WYAASubx.jpg

Hatzak gora eta maskarak kanpora. Hau da turkiar rock’n’rolla. Horrelako harropuzkeriak posibleak dira turkiar demokrazian. Normaltasun demokratikoarekin bat egiten dute. Turkiar demokraziari diktadura zantzuak antzematen zaizkio. Urteak daramatza Turkia diktaduran bihurtzeko prozesu batean murgilduta. Eta prozesu honek ez du oztoporik topatu.

Uztaileko estatu kolpe saiakerak prozesua bizkortu egin du. Apirilaren 16an deitutako erreferenduma bizkortze horren seinale da. Erdoganen helburua Turkiako sistema parlamentario batetik sistema presidentzialista batera igarotzea da eta horrela bere gain hartuko lituzke botere legegile, betearazle eta judizial gehienak. Igarotze hori bozkatuko dute erreferendumean turkiarrek. Gutxi falta zaio Erdogani rockaren erregearen koroa eskuratzeko.

Hala ere, Turkiako oposizioak eta, batez ere, turkiar ezkerrak eta kurduek etortzear dagoen diktadura hau aspaldi pairatzen dute. Egunero daude HDPko zinegotzi, parlamentari, alkate edo militanteen atxiloketa eta espetxeratzeak. Honekin batera, abokatu eta kazetari ugari errepresioaren jo-puntuan egon dira. Salbuespena normaltasuna bihurtu da. Pasa den astean kurduen aldeko mugimenduko 800 kidetik gora atxilotu zituen Turkiako poliziak, tartean HDP alderdiko kideak. Estatu kolpe saiakeratik HDPko 5.000 kide baino gehiago izan dira atxilotuak eta horietako ia 1.500 espetxeratuak.

Tamalez, latzagoak badaude. 2015ko udatik hona Turkiako armadak Bakurren (iparraldea kurdueraz; Turkiar Estatuko Kurdistan) aurrera eramandako esku-hartze militarrak hildakoak, torturatuak, eraitsitako herriak eta iheslariak utzi ditu. Azken egunotan, Xirabê Baba herriaren egoera ezagutzeko aukera izan dugu. Musika triste eta luze baten azkenengo notak. Otsailaren 1tik daude bertan Turkiako militarrak eta herria isolatuta dute. Ezin da ez sartu ez atera. Behintzat 3 hildako utzi ditu okupazio militar honek. Gainera 39 torturatu eta desagertu egon dira.

Finean, estatu kolpe saiakeraren aitzakipean Erdoganek eta bere gobernuak salbuespen-egoera ezarri eta giza-eskubideak eta eskubide politiko eta zibilak behin betiko eten ditu. Errepresioak utzitako datuek surrealismo puntu bat dute. Estatu kolpe saiakeratik 127.000 funtzionario izan dira kanporatuak edo zigortuak, 50.000 lagun atxilo eraman dituzte (horietako 32.000 espetxeratuak izan dira gainera) eta atxilotutako 140 kazetari espetxean jarraitzen dute.

Halaber, aipatzekoa da azken hilabeteetan Siriako Gerraren baitan Turkiak izandako papera. Esku-hartze inperialistek sortutako eszenatokia probestuz, Turkiako armadak aurrera eramaten ari da ‘Eufrates Ezkutua’ operazio militarra. Bere helburua Turkiako muga ziurtatzea da eta bide batez, Erdoganen hitzetan, indar terroristak erasotzea, tartean YPG eta YPJ milizia kurduak (Estatu Islamikoaren kontrako gerran indar eraginkorrenak). Eta hala da. Azken egunetan Turkiako armadak eta bere babesean dauden milizia turkomanoek Al-Bab herria erasotzen egon dira. Herria hartu dute iada. Herri hau Rojavako Afrin kantoia eta beste bi kantoien (Kobane eta Cizre) arteko elkargunea da. Xedea: Afrin isolatzea, Rojavako iraultzarekin akatzea.

Eta guzti honen aurrean, Europar Batasunak turkiar rock’n’rolla entzun eta beste alde batera begiratzen du. Mutu dago. Turkiak EB bere musika dantzatzera behartu du. 2016ko martxoan EBk eta Turkiak migrazioa akordio sinatu ondoren, Turkia da errefuxiatuak Europara ez sartzeko beharrezko tapoia. Akordioaren arabera Greziara iritsitako iheslari guztiak Turkiara kanporatuko dituzte. Noski, Turkiak akordioa bere bidegabekeriak zuritzeko tresna bihurtu du.

Dena den, Erdoganen rock’n’roll makabro hau gelditzeko gakoa Turkian dago. Lehenengo mugarria apirilaren 16ko erreferenduma izango da. Zailtasunak zailtasun eta salbuespen egoeraren zirrikituetatik igarotzen, erreferendumean oposizioa ezezkoaren alde bildu da eta AKP eta MHP alderdiei aurre egiten die. Hori da etorkizunean jarraitu beharreko bidea.

Begi bistakoa da kurduen aldeko mugimendua Turkiako Estatuaren errepresioaren jomuga nagusia dela. Arrazoia argia da: duen borroka eta erresistentzia historiarengatik, metatutako indarrarengatik, lortutako antolakuntza mailarengatik eta internazionalki erdietsitako prestigioarengatik kurduak Erdoganen nahi politikoak deuseztatzeko eta Turkian benetako eraldaketa lortzeko gakoa dira. Kurduen askapen mugimendua oposizioaren eta bereziki ezkerraren burua izan behar da.

Gainera Turkia bera demokratizatzeko ezinbestekoa da Kurdistango izaera nazionala aitortzea eta Bakurrek estatus politiko propioa lortzea. Bide horretan pausoak eman behar dira. Azken finean, Kurdistan autonomo eta librerik gabe ezin da egon Turkia demokratikorik.

Euskal Herrian funtsezko eginkizunak ditugu ere. Alde batetik, blokeo komunikatiboa gainditzea eta argira ateratzea Turkiako Estatuak egun egiten dituen zitalkeriak. Bestetik, hauek salatzea eta kurduen askapen mugimenduaren aldarrikapenak plazaratzea. Eta azkenik, konpromezu zehatzak hartzea aldarrikapenak errealitate bihurtzeko.

Eta akaso horrela lortuko da ‘Otso Grisen’ keinurik ez ikustea eta turkiar rock’n’roll zikin hori gehiago ez entzutea.

 

Fuente: Hala Bedi

1. Eskuin muturreko erakunde paramilitarra. MHP alderdiarekin harreman estuak ditu. Bere eginkizunen artean kurduak erailtzea egon da.

Anuncios

Comentarios

Aún no hay comentarios.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

II ENCUENTRO INTERNACIONAL ECOLOGÍA SOCIAL EN BILBAO

Murray Bookchin

JINWAR: ALDEA DE LAS MUJERES LIBRES

#StopErdogan

CONFERENCIA 2017 DESAFIANDO A LA MODERNIDAD CAPITALISTA

CONFERENCIA 2017 DESAFIANDO A LA MODERNIDAD CAPITALISTA

INTERNAZIONALISMOAREKIN BAT

Síguenos en Twitter

DATATIK SARRERAK

febrero 2017
L M X J V S D
« Ene   Mar »
 12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728  

Blogen datu estatistikoak

  • 97,941 ikusiak

Introduce tu dirección de correo electrónico para seguir este Blog y recibir las notificaciones de las nuevas publicaciones en tu buzón de correo electrónico.

Únete a otros 784 seguidores

A %d blogueros les gusta esto: