estás leyendo...
Eventos

«Iraultzak kurduei ekarritako onurak babestu behar ditugu»

2016-02-27 / Adrian García. BERRIA

Kurduek Siria iparraldean ezarri duten gizarte proiektuan sinesten du Mellekek, eta herrialdea baketzeko eraginkorra izan daitekeela uste du. «Estatuaren ideia ez dago, herriak autogestionatu egiten dira».

PYD Bruselan«Harrigarria da horrelako zerbait sortzea gerra batetik». Hamarkadetan zapalduak izan ondotik, Mendebaldeko Kurdistanek argia ikusi du, nahiz eta oraindik gerra bete-betean egon. Siriako kurduek euren lurraldea kontrolatzen dute, eta «gizarte aurrerakoi, demokratiko eta parekidea» sortu dute, Rhodi Melleken (Kantli, Kurdistan, 1978) hitzetan. PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko ordezkaria da Bruselan, eta Yekitiya Star emakumeen mugimenduko kidea. Euskal Herrian izan da egunotan, Ama Hizkuntzen Egunaren harira Euskal PEN Klubak gonbidatuta. Mendebaldeak Genevako bake elkarrizketetan islamistak babestu izana deitoratu du. «Horiek konpondu behar al dute Siriakoa?».

Itxaropentsu al zara su-etenaren inguruan?

Hasiera on bat izan daiteke, zergatik ez? Baina, ikusi beharko da… Batzuek eraso egiteko aprobetxatu dezakete. Autodefentsarako eskubidea dugu, eta kurduen lurretan sartzen badira defendatu egingo gara.

Baxar al-Assadek hauteskundeetara deitu du. PYD parte hartzeko prest al dago?

Agian, zenbait kurdu izango dira, baina ez dut uste PYDk parte hartuko duenik.

Lehengo asteko Ankarako atentatua bere egin zuen TAK taldeak. Halere, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea tematuta dago egileak Siriako kurduak izan direla.

Erdoganek edozer egingo du kurduek haren hegoaldeko muga kontrola ez dezaten, Daex [EI Estatu Islamikoa, arabierazko akronimoan] eta beste talde islamistak armez hornitzen jarraitzeko. Edozein aitzakia bilatuko du lurraldeko aferetan sartzeko, eta ez da geldituko. Joko zikina egiten du Turkiak.

Luzaroan sufritu duzue jazarpena Siriako Gobernuaren partetik. Azkenaldian, ordea, paralelismo bat antzeman daiteke kurduen milizien eta Siriako armadaren mugimenduen artean. Aldatu al da gobernuarekiko harremana?

Urteetan zapalduak izan gara kurduak. Gure hizkuntza eta kulturaren beste adierazpen oro debekatu egin dizkigute. Ez bakarrik Sirian, beste herrialdetan ere kurduen historia ezabatzen saiatu dira. Sirian Al-Assad sendiak gogor zigortu ditu kurduak. Gerra hastean armada gure lurraldetik erretiratu zen, ez zuelako beste fronte bat ireki nahi. Berezia da kurduen eta boterearen arteko harremana, baina ez gara aliatuak. Ez boterea, ezta Daex ere. Gure proiektu politikoa dugu, eta ez dugu haiekin inolako zerikusirik izan nahi.

Baxar Al-Assadek esana du prest legokeela kurduei autonomia emateko.

Sekula ez dut Baxar Al-Assaden hitza sinetsi, eta ez dut sekula sinetsiko.

Ezin jakin daiteke nola bukatuko den gerra. Zer da kurduentzako hobe, Al-Assad gailentzea, edo matxinoek boterea hartzea?

Guk Siria osorako irtenbide politiko bat lehenesten dugu. Baxarrek alde egin behar du, baina nola hala saihestu behar dugu islamistek boterea hartzea. Lehenbailehen geratu behar da gerra, gero eta hildako eta errefuxiatu gehiago baitaude, eta Turkiak errefuxiatu horiek erabiltzen ditu xantaia egiteko. Gizatasuna kendu diete, eta trukerako txanpon bihurtu dituzte. Lotsagarria da.

Afrin kantoia Kobanerekin batzea al da kurduen helburua?

Bai horixe. Zergatik? Puntu oso estrategiko bat delako, Turkiatik laguntza eta jihadistak jasotzen dituelako Daex-ek. Afrin bakartua dago, eta itotzeko arriskua du; logikoa da kurduen lurraldeak jarraikortasuna izatea.

Baina lurralde horretan gehiengoak ez dira kurduak. Ez al litzateke arriskutsua izango YPG milizientzat?

Ez diogu gure bandera eta hizkuntza inori inposatuko. Gure gizarte proiektuan denok dute tokia. Gizatasunagatik eta demokraziagatik egiten dugu borroka.

Mendebaldeko hedabideetan askotan entzuten den hitza da «matxino moderatua». Zeinen aurka ari dira kurduak borrokan Azaz hirian?

Al-Qaedaren adarrak dira denak, izena aldatzen dute, besterik ez. Bestalde, Siriako Kontseilu Demokratikoan YPGak daude; aramearrekin eta arabiarrekin batera borroka egiten dute.

Siriako kurduak harremana dute AEBekin eta Errusiarekin. Oreka horri eustea posible al da luzaroan?

Ez dut uste, AEBen estrategia ez delako batere argia. Ez da bi potentzia horiek kurduak maite dituztela, baina interes politikoak eta estrategikoak dituzte. Militarki laguntzen dituzte, baina ez dute gizarte proiektua babesten.

Kurduak ez dituzte Genevako bake elkarrizketetara gonbidatu, Turkiaren eskariz.

Genevan islamistak babestu ditu Mendebaldeak. Horiek konpondu behar al dute Siriakoa? Gu, ordea, kanpoan utzi gaituzte. Hipokresia handia dago Genevan.

Zer pentsatzen duzu Errusiaren esku hartze militarri buruz? Gerraren oreka hautsi du.

Islamistak helburu baditu ondo iruditzen zait, baina ez zait gustatzen zibilak hiltzen dituenean. Baketzearen alde nago. Desberdintasun bat dago indar kurduen eta gainerakoen artean. Gureak autodefentsarako miliziak dira. Gure proiektua babesten dute, gure lurraldean sartu nahi dutenen aurka.

Borroka egitea egokitu zaizue Siriako kurduei, baina orain zuen lurraldea kontrolatzen duzue. Ekialde Hurbilean beste gizarte eredu mota bat posible dela erakutsi duzue.

Siria iparraldeko iraultzak onurak ekarri dizkigu, eta babestu egin behar ditugu. Lurraldea eta eskubideak aldarrikatzearekin batera, gizarte proiektu bat garatu dugu, herritarrak edozein indarkeria motaren aurrean babesteko. Lan pedagogiko eta iraultzaile baten ondotik etorri da: herritarrak, gizonak eta emakumeak maila berean, politizatu egin dira, gatazka kurduaren, nortasunaren eta hizkuntzaren alde borrokatzeko. Herri bakoitza autogestionatu egiten da; estatuaren ideia ez da existitzen. Auzoek, herriek, batzarrek… finean, pertsonek kudeatzen dute egunorokoa, ez dago estaturik. Batzarkideen erdiak gizonak dira, beste erdiak emakumeak.

Zein egiteko betetzen du emakumeak gizartean?

Emakumeen eskubideak berebizikoak dira guretzat. Emakumea kolonizatua bizi da, eta guk hori hautsi nahi dugu. Emakumea gizartearen erdian dago guretzat. Kobaneko setioan ikusi zen; alor militarrean lehen lerroan dago. Bai Daex-en zein diktaduraren ikuspegi maskulino eta feudalaren aurka.

Siria herrialde plurala da. Zein toki dute gainerako herriek gizarte proiektu horretan?

Bai, mosaiko bat da Siria; arabiarrak, aramearrak, kurduak, alauitak, xiitak… Ez dugu beste gerra zibil bat nahi gure lurraldean. Herri guztien ordezkariek parte hartzen dute batzarretan, eta hizkuntza guztiak babestuak daude.

Harreman estua duzue HDP Ipar Kurdistango alderdiarekin, baina nolakoa da Irakeko Kurdistan Eskualde Autonomoarekikoa?

Iraken sistema feudal batean bizi dira; gero eta meskita gehiago daude, askoz ere islamizatuagoak daude. Ankarako politikatik gertu daude, AKPtik. Ankarak proiektu ugaritan inbertitu du, eta haientzat hiriburu bat da. [Massud] Barzanirena ez da proiektu demokratikoa. Haatik, Abullah Ocalan guretzat lider bat da, filosofo bat.

Anuncios

Comentarios

Aún no hay comentarios.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

II ENCUENTRO INTERNACIONAL ECOLOGÍA SOCIAL EN BILBAO

Murray Bookchin

JINWAR: ALDEA DE LAS MUJERES LIBRES

#StopErdogan

CONFERENCIA 2017 DESAFIANDO A LA MODERNIDAD CAPITALISTA

CONFERENCIA 2017 DESAFIANDO A LA MODERNIDAD CAPITALISTA

INTERNAZIONALISMOAREKIN BAT

Síguenos en Twitter

DATATIK SARRERAK

marzo 2016
L M X J V S D
« Feb   Abr »
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031  

Blogen datu estatistikoak

  • 96,210 ikusiak

Introduce tu dirección de correo electrónico para seguir este Blog y recibir las notificaciones de las nuevas publicaciones en tu buzón de correo electrónico.

Únete a otros 740 seguidores

A %d blogueros les gusta esto: